Euskara
Gaintza udalerri euskalduna da, bertako bizilagunen %91 da euskalduna, eta %80k etxetik jaso du hizkuntza, belaunaldiz belaunaldiko transmisioari esker (EUSTAT, 2016). Euskara Gaintzaren ezaugarri naturala da, bertan ohikoa da lana, aisialdia eta bizimodua euskaraz egitea. Hizkuntzarentzat beharrezko eremuak dira Gaintza bezalako arnasguneak, udalerri hauetan lasai eta mehatxurik gabe bizi delako euskara. Herritarrak hizkuntza horretan bizi dira, eta erakusten dute posible dela euskaraz bizi den herria. Hainbat animalia eta espeziek bizirik irauteko ingurune naturalak behar dituzten bezala, euskarak beharrezko ditu Gaintza eta halako arnasguneak, hizkuntza babesteko, bizi-bizirik mantentzeko, garai berrietara egokitzeko eta inguruko guneetara zabaltzeko. Gaintza UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da, Goierriko beste hamar udalerrirekin eta Euskal Herriko 87rekin batera.